Historia

1494607194-96530.jpg

LEOK’K musika taldea 1968. urtean sortu zen Zestoan. Ordura arte gure inguruan entzuten zen musikatik oso bestelakoa jorratzeko gogo biziz elkartu ginen bost gazte. Besteak beste, The Beatles talde ingelesaren eraginez, rock musika oinarri hartuta plazaratu ginen.

1969ko maiatzean Zestoako Eliz-Ondo zineman aurkeztu ginen, huraxe izan zen gure lehenengo emanaldia. Geroago, hainbat herritako jaietan, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaiko kostaldean, eta baita zenbait dantzaleku eta ezkontza ospakizunetan ere musika jotzen jardun genuen. 1972. urtean, soldadutza madarikatu hark jarraipena eten zigun, eta taldea bertan behera geratu zen.

Gure musikaren ibilbidean, frankismoa bete-betean, euskal kantagintzaren alde geure aletxoa ematen ahalegindu ginen. Herriko lehenengo rock taldea izateaz gain, musika molde hartan euskaraz abesten ere lehenengotakoak izan ginen.
LEOK’K hasierakoa Alejandro Kortadi, Juanantonio Kortadi, Sebastian Etxeberria, Mitxel Orbegozo eta Gotzon Lizaso boskoteak osatu genuen, eta gero Luis Llavori zumaiarra batu zitzaigun.

1992ko urtean Zestoako rock mugimenduaren 25. urtemuga ospatzeko herriko jaietan antolatu zen kontzertuan parte hartu genuen beste rock talde herritarrekin batera. Alabaina, 1978an taldeko kide eta laguna genuen Alejandro Kortadi zorigaiztoko errepide-istripu batek eraman zigunez, Koldo Igual herritarrak bete zuen hutsunea kontzertu adierazgarri hartako gure emanaldian.

2002ko herriko jaietan ere antzeko beste rock jaialdi bat antolatu zen, eta, nola ez, gogotsu hartu genuen parte, orduan ere.

Gauzak horrela, noizbehinkako gure agerraldi horien ondorioz beste zerbait gehiago egin eta eskaini genezakeela pentsatu genuen. Ildo horretan, Mendebaldeko Saharako egoeraz jabetuta eta sentiberatuta geunden; izan ere Saharari buruz herrian antolatutako ekimenak eta kanpainak tarteko eta taldekide batek uda partean haur saharar bat etxean hartu izanak, eraman gintuen proiektuaren norabidea finkatzera.

Gauzak gehiago zehazte aldera, Saharako emakumeen egoerak piztu zigun arreta. Jakina da, saharar gizonezko gehienak mobilizatuta daudela eta errefuxiatuen kanpalekuetan Saharako emakumeek sekulako lana egiten dutela saharar herriaren garapen bidean. Azken urte luze hauetan guztietan eguneroko kontuez gain hango esparru administratiboaren, bizitza sozial eta ekonomikoaren zama emakumeek hartu dute bere gain. Horrela bada, LEOK’K talde bezala Saharako herriari, eta Saharako emakumeei zehazki, elkartasuna adierazi eta horrez gainera laguntasuna ematea adostu genuen. Horrelaxe sortu zen Saemel  proiektu hau, biziki prestatu eta landu duguna.


1495206469-26764.jpgHala, proiektua gauzatzen hasi ginen eta 2006ko irailean bi urteko prestaketaren ondoren SaemeL (Saharako emakumeei elkartasuna) diskoaren aurkezpena egin genuen, hain zuzen ere irailaren 2an Zestoako plazan eskaini genuen kontzertuaren bidez.

Lau urte geroago, une bat... izeneko bigarren diskoa aurkeztu genuen irailaren 4an, Zestoako jaietan, Saemel proiektuaren barnean kokaturiko helburu ber-berarekin.

Proiektua abian zela, zenbait kontzertu eta hainbat emanaldi eskaintzen ari ginela ordea, 2013an zehazki, taldeko bateria-jotzailea genuen Sebastian Etxeberria gaixotasun larri baten ondorioz joan zitzaigun. Eta hutsuneak hutsune, harrezkeroztik David Gorospe (Mini-Leok´k, Luma, Leize, etab.) eta hilabete batzuk geroago Sebastian Etxeberriari omenaldia prestatzen ari ginela, Jesus Aramberri (Sombras Azules, Luma, The Young Wait) taldekide bilakaturik, berrekin genion erabakitako ildoari.

2015eko ekaina erdialdean, Mitxel Orbegozo taldeko abeslariak, arrazoi pertsonalak medio, taldea utzi egin zuenez, Luis Llavori gitarra-jotzaileak hartu zituen abeslariaren eginkizunak. Era berean, 2016 haseran eta arrazoi pertsonalak tarteko, Luis Igual baxu-jotzaileak ere taldea utzi egin zuen. Hala, 2017an hirugarren diskoaren prestaketa lanetan murgilduta geundela, baxu-jotzailearen hutsune hura betetzera, Alfonso Guilló (Expresión Sonora, Koska, Aterri, etab.) batu zitzaigun. Horrela, gure proiektuari berriro heldu ahal izan genion taldea erabat honela berrantolatuta: Juan Antonio Kortadi (gitarra eta koroak), Gotzon Lizaso (pianoa, sintetizadoreak eta koroak), Luis Llavori (gitarra eta ahots nagusia), David Gorospe (bateria eta perkusioa), Jesus Aramberri (pianoa eta hammond organoa), eta Alfonso Guilló (baxua, ahotsa eta koroak).

Hortaz, egoera hartan eta behin taldea egokituta, 2018an urrats bat gehiago eman genuen. Izan ere, taldea sortu zenetik 50 urte iragan baitziren eta “Infinituari segika” gure hirugarren lan luzea izango zena burubelarri prestatzen aritu ginen LEOK´K taldearen 50. urteurrena ospatzeko, eta ondorioz 2018ko irailean kontzertu erkargarri batean aurkezteko helburuarekin. Ospakizun kontzertu hartan parte hartzera gonbidatuak izan ziren, modu batez ala bestez taldekide izan genituen lagunak, hala-nola Mitxel Orbegozo eta Luis Igual LEOK´K proiektuan partaide izan zirenak eta Anjel Fernandez, Nerea Ugarte, Idoia Azurmendi eta Adrian Larrañaga musikariak bezalaxe.

Gure asmoak laburbilduz, Saharako emakumeei elkartasuna proiektuak helburu hauxe du: Saharako herriari elkartasuna eta sostengua adierazi eta bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubideari bultzada xumea ematea. Helburu horretan geure aletxoa jartzeko, Saemel, une bat… eta Infinituari segika izeneko dikoen salmentaren irabaziak Saharar Emakumeen Batasun Nazionala (SEBN) erakundearen diru beharrak zertxobait arintzeko bideratzen ditugu, honen adierazle izanik besteak beste, 2012an UNMS-Unión Nacional de las Mujeres Saharauis erakundeari eskuratu genizkion 8.000€ak.

Aipatzekoa da bestalde, Mendebaldeko Saharar herriaren aldeko arduradunen eta batzordeen oniritzia, babesa eta sostenguak jaso ditugula. Bistakoa denez, era honetako edozein proiektu gauzatzeko hainbat lagunen inplikazioa eta laguntza ezinbestekoak izan ohi dira, eta kasu honetan ere, hala gertatzen da.

Mila esker eskaini diguzuen arretagatik eta ea lankide izaten garen Mendebaldeko Saharar Herriari elkartasuna eta laguntze-lanetan.

Berriak

Diskografia

Bideoak

Argazkiak

Kontaktua

sartuentrarenter
contenidos © John JohnsonBluekeak egina